XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hauek berauek ikasteko, zer ez zuen egiten Amyntasek?

Zazpi hodi desberdinez osat utako txirula dut, Dametasek aspaldi oparitua, eta hiltzean esan zidan: orain zu zaitu honek bigarren.

Esan egin zuen Dametasek; bekaiztu zen Amyntas ergela.

Gainera bi basahuntzek, ibar ez seguruan neuk aurkituak, oraindik larruak zuriz nabartuak, bina ardi titi lehortzen dituzte egunean; hauek zuretzat gordetzen ditut.

Aspalditik erregutzen dit Thestylisek haiek eramateko, eta egingo du, nazkatu egiten zaituzte-eta gure opariek.

Zatoz hona, mutil ederrori: hara, ninfek liliak dakartzate zuretzat otarre beteka; naiade zuriak bioleta zurpailak eta lo-belar garaiak biltzen ditu, lilipa eta usain oneko miluaren lorea zuretzat gehitzen ditu; orduan, izpiliku eta beste belar gozo batzuekin ehunez, aingeru-lore oriaz nabarmentzen ditu basaran biguinak.

Nik neuk bilduko ditut bizar leuneko irasagar zuristak, eta gaztainak, nire Amaryllisek maite zituenak; gehi ditzadan argizarizko aranak (fruta honek ere izango du ohorea), eta zuek ere bai, erramuak, eta honen laguna zarena, mirtoa, zu ere har zaitzadan; honela jarrita usain gozoak nahasten dituzue-eta.